Zer da Oroimena bizigune?


Oroimena bizigune sentsibilizaziorako, komunikazio sozialerako eta oroimenaren eraketarako formatu eta plataforma anitzeko (web orria eta dokumentala) partaidetzazko proiektu dokumentala da. Euskal herritarrek gatazkari buruz dauzkaten lekukotasun eta iritzien berri ematea du helburu, ikus-entzunezko narrazio zein kontakizunen sorrerarako partaidetzazko prozesuaren bitartez.

Proiektua prozesu berritzailean dago oinarrituta, eta herritarren narrazioak eratzea proposatzen du, Euskadiko herritar guztiek euren iragan hurbileko oroimena eratu dezaten eta haien bizigunea izan dadin.

2015eko otsailean eta martxoan egindako tailerretan, Errenteriako eta Oarsoaldeko bederatzi gaztek lan-prozesuan parte hartu zuten. Bertan, hain zuzen ere, elkarrizketaren, hausnarketaren eta telefono mobilen bitartez grabatutako elkarrizketen bidez ezagutu zuten Errenteriako iragana, herritarrek indarkeriari buruz dauzkaten lekukotasunak zein iritziak eta udalerrian giza eskubideen inguruan gertatutako urraketak kontuan hartuta.

Honako honexetan oinarritutako esperientzia da: teknologien erabilera, narrazio digital berriak eta herritarren partaidetza, lankidetza nahiz inplikazioa. Eredu hori berrikuntza sozialerako jardunetan dago oinarrituta, eta Euskadiko zenbait udalerritan berregitea da xedea.

Helburua

Proiektuak gatazkaren oroimena eta kontakizun kolektiboak eratzea dauka helburu nagusi, Euskadin bertan bizikidetzan zein bakean oinarritutako kultura hedatzeko, sendotzeko eta sakontzeko.

Hona hemen helburua: iraganaren berrikuspen kritikoan oinarritutako partaidetzazko prozesua abian jartzea, herritarren artean XXI. mendeko euskal gizarte berriari buruzko elkarrizketa suspertzea eta iraganaren, orainaren eta etorkizunaren kontakizun partekatua eratzea.

Protagonistak

Tailerretan parte hartu duten 18-23 urteko gazteak haien adinekoen aldean hain “kutsatuta” ez dagoen belaunaldikoak dira, eta herritarrentzako elkarrizketetako galderak zehaztu eta adostu egin dituzte.

Proiektuak biztanleen profil hori inplikatuko du haien trebetasunak erabiltzeko, eta protagonismoa emango die, euren kontzientzia kritikoa abian jarri dezaten eta bizigune dituzten lurralde, nortasun eta gizarteetan daukaten zereginari buruz hausnartu dezaten.